NON DAGO EGUZKILOREA? IKUS –ENTZUNEZKOAREN LOKALIZAZIOA GARA
Iruñeko Planetarioak eta Nafarroa Oinezek gure landa etxea lokalizazio gisa erabili dute planetarioko kupularako sortu duten ikus-entzunezko produkzioan. Marrazki bizidun gisa agertuko gara!
Euskal mitologia eta zientzia uztartuko dituen marrazki bizidunez egindako ikus-entzunezkoak Baztanen barna galdu den Eguzkilore bat du abiapuntu. Bilaketa horretan, izarrak, ilargia eta konstelazioak ezagutzeko parada izanen dugu, euskal mitologiako pertsonaia ezagunak lagunduta. Pelikularen gidoi originala euskaraz idatzia da, eta etxeko ttikiendako pentsatuta dago.
Istorioa Baztan Ikastolako ikasle ohi eta Iruñeko Planetarioko langilea den Miren Karmele Gomez Garmendiaren burutik sortu da. Gainera, pelikularen ekoizpenean, Baztan Ikastolako hainbat guraso eta ikaslek zein ikasle ohik parte hartu dute musika eta ahotsekin. Baita Elizondoko Abesbatza Txikiko haurrek ere. Bertzalde, narrazioa Baztanen girotuta denez, bailarako leku ezagunak agertuko dira bertan.
Edonola ere, aurtengoa ez da Iruñeko Planetarioak Nafarroa Oinezekin izan duen lehen kolaborazioa. Izan ere, 1999. urtean -Jaso Ikastolak antolatutako Nafarroa Oinezko jardueren baitan -Iruñeko Planetarioko kupularako proiekzio berezia egin zen. Orduko hartan, Bernardo Atxagak espreski utzitako "Asto bat hipodromoan" ipuina erabili zen.
Orain, ordea, 1999an ez bezala, produkzio eta bistaratze teknikek kupula osoarentzat egindako bideoa sortzea ahalbidetu dute. Honela, Iruñeko Planetarioko produkzio taldeak -teknologia berriak eta urte hauetan pilatutako lan eskarmentua baliatuta- euskaraz sortutako lehendabiziko fulldome produkzio originala aurkeztu du.
Nafarroa Oinezen harira sortutako ‘Non dago eguzkilorea?´ filma 2015/2016 ikasturtean zehar, planetarioko hezkuntza-programaren baitako Izar-eskolan ere ikusi ahalko da. Era berean, planetarioko zinema full dome saioetan ikusgai ere izanen da. Gaztelania, frantses eta ingelesezko bertsioek, euren aldetik, Baztango kondaira ipuinen xarma eta Istarbey Landa Etxea bera bertze planetario batzuetara eramatea ahalbidetuko dute, ekoizpenari proiekzio internazionala emanez.
Toki horietako arbasoek ere zerua behatuko zuten, izarren artean istorioak idatzi eta mitologia sortuz, antzinako euskaldunek egin bezala.
LOTURAK